2023 Ekainak 26 - 27

Hezkidetza eta Pedagogia Feministen bigarren Kongresua topagune senti-pentsalaria da, eta baita tokian tokiko jakintzen eta jakintza globalen trukegunea ere.  Zertarako? BEGIRADA hezkidetzaile eta emantzipatzaileez hausnartzeko, ESPERIENTZIA feministak partekatzeko eta SAREA SORTZEKO. Hau da, elkar ezagutzeko, irudimen kritikoa garatzeko, ekarpena egiteko bidezkoak eta jasangarriak diren errealitateei eta bizipen horietatik aukerak elikatzeko.

Kongresu hau 14 ekimenen, elkarteen eta erakundeen artean sortu, desiratu eta planifikatu da. Sorginlore, Ikertze, Emagin, Arremanitz, Imaginá, Alboan, Donostiako Udala (Lankidetza, Gazteria, Hezkuntza eta Berditasuna), BiltzenHiruki LarroxaTBK Hezkuntza -Artaziak, Hezkuntza GV- Iruneko Berritzegunea, EHU-HEFA, Gandere EHU Ikerketa taldea eta Eskura. Eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia-ren eta Donostiako Udala-ren babesari esker.

PLAZERA aldarrikatu nahi dugu.

  • hezkidetza modu gozagarrian, bizigarrian lantzearen PLAZERA, elkartasunetik elkartu eta lotzen gaituena, derrigortasunetik nahiz eredu formal edo instituzionaletatik aldenduta.
  • bizitza eta bizikidetza dinamiko, sortzaile eta osoak izatearen PLAZERA, heteronormatibotasuna eraisten dugun artean.
  • gure ulermena eta gure praktikaren ahalmen eraldatzailea sendotzearen PLAZERA, geure egin dugun begirada intersekzionalak eta tokiko-globala den ikusgetiak zabaltzen dizkigun aukerei esker.
ikonoa-ilbehera
1. ATALA

Sexuen hezkuntza integrala

Sozializazio prozesu LGTB+foboak, matxistak, arrazistak, klasistak eta kapazitistak ematen diren testuinguru batetik abiatuz, Nazioarteko agenda feministaren egungo erronka bati helduko diogu: Sexuen Hezkuntza Integral egoki eta eraginkorra bilatzeko: Nola aurre egin erotika hegemonikoari? Periferiak askatasun eta eraldaketarako guneak al dira? Ba al ditugu beharrezko ezagutza, trebetasun eta gaitasun sozioafektiboak  nork bere burua ezagutzeko eta adostasunezko harremanak izateko? Metodologia artistikoek ezagutza eta aldaketa esanguratsuak sortzen al dituzte? Zer erakusten digute Hegoaldeko bizipenek eta metodologiek?

ikonoa-ilberria
2. ATALA

Indarkeria(k) eta harreman osasuntsuak

Sistema heteropatriarkalaren, arrazistaren eta kolonialaren auzitan, eraldaketaren aurkako erresistentzia globalei lotutako gaiak landuko ditugu. Bortizkeria matxistak lehen lerroan daude gure egunerokoan. Horiei aurre egiteko eta bizirauteko erantzunak eta estrategiak garatzen gabiltza etengabe, askotan eraso-erantzuna dinamika gailentzen delarik. Nola eman hauspoa indarkeriarik gabeko bizitzen eta harreman osasuntsuen desiragarritasunari? Nola sortu eta indartu hori, gure solasaldietan gai nagusi bilaka dadin?  Nola jarri fokoa gizonek daukaten arduran eta nola landu gizonengan sortzen diren erresistentziak? Nola sustatu autodefentsa feminista eta ahizpatasuna? Zer egin lodifobiari aurre egiteko?

ikonoa-ilgora
3. ATALA

Herri hezkidetzaileak

Herri hezkidetzaileak irudikatzeko eta sortzeko ildoak jarriko ditugu mahai gainean, hezkuntza formaletik eta indarkeriaren prebentziotik haratago doazenak. Ildo horiek bizikidetza osasuntsua sortzea izango dute helburu, oinarri hartuta diskriminazio zein desparekotasunei aurre egitea eta, jatorria edozein dela ere, guztiok herrikide izatea. Horretara hurbilpen bat egin nahi dugu, espazio fisikoak, zaintza, partaidetza eta festak hizpide hartuta.  Hau guztia, Hegoaldeko adituek proposatutako galdera sortzaileen bidez.

ikonoa-ilbetea
4. ATALA

Hezkidetza mapa - Saretze txokoak

Hezkidetzaren baitan pertsonak, erakundeak eta esperientziak ezagutuko eta elkartuko ditugu. Helburua da gure gaitasunak, baliabideak eta tresnak sendotzea, gure jarduera hezkidetzailea izan dadin eraldatzailea, sinergikoa, erantzunkidea eta mobilizatzailea. Betiere, kongresuan jorratuko diren tokikoak eta globalak diren erronka eta gaietatik abiatuta.